XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konfigurazionalitateaz.

Ezagunak diren ohizko arrazoi soziologikoengatik, ingelesa izan zen gramatika sortzailearen hasierako hogei urteetan zehar, Hizkuntzaren (Gramatika Unibertsalaren, GUren) egitura, hatsarri eta ezaugarriak ezagutzeko gehienbat (kasik soilik ere) aztertu zen hizkuntza.

Datu murriztapen honek sortu ahal zituen liluren arriskua agerikoa izanagatik ere, bazegoen ikerbide honetatik lortutako emaitzak aintzakotzat hartzeko justifikazio teorikoa: hizkuntza bakoitzaren gramatika GUren nolabaiteko isladapena den neurrian, behin abstrakzio maila egokian ikertzen hasiz gero, ingelesean aurkituriko hatsarriak beste edozein hizkuntzatan ere aurkitutakoen antzekoak izango lirateke.

Koska, noski, abstrakzio maila egokian datza, eta, orain atzera begira ikus dezakegunez, garai hartakoa ez zen gertatu hain maila egokia.

Justifikazio teoriko honen ahulezia praktikoak gramatika sortzailearen harrez gerozko garapenean dauka erakusgarri ezin hobea.

1980 inguruan hizkuntza erromantzeak ikertzen hasi zirenean, hizkuntzen artean litezkeen ezberdintasunen auziak bereganatu zuen gunea sasoi hartan jaiotzeko zorian zegoen gramatika honen eredu berrian, Hatsarri eta Parametroen Teorian.

Izan ere, teoria berriaren eskuliburuan, Chomskyren (1981) Lectures on Government and Binding, italiera eta ingelesaren arteko alderaketatik nabarmendu ziren parametroak dira nagusi: pro-drop parametroa batez ere, azpikotasun teoriaren (bounding theory) parametroak ahaztu gabe.

Liburu honen bidez hedatu zen hizkuntzalari gehienen artean italiera baino askoz exotikoago eta ohi ez bezalakoak ziren zenbait hizkuntza azaltzeko K. Halek proposatzen zuen beste parametro bat ere, walpiera (orduan walbiri) eta antzekoen berri ematen zuen konfigurazionalitatearen parametroa, hain zuzen ere.

Geroago ikusiko dugunez, parametro honen inguruko auziak nahiko garrantzizkoak izan badira GUren eraketari buruzko eztabaida teorikoan, ez dute inportantzia txikiagorik izan euskal hizkuntzalaritza sortzailearen mundu mugatuan.

Batetik, gai hau zeukatelako aztergai Parametro-eta-Hatsarri teoriaren barruan euskarari buruz egin ziren ikerketa lan askok (Azkarate et al. (1982a, b), Ortiz de Urbina (1983) eta Rebuschi (1985), (1986), adibidez, besteren artean).

Izan ere, beharbada hauxe izan liteke euskal hizkuntzalaritzan teoria honen barruan egin den lehenengo eztabaida handia.

Bestaldetik, eta aurreko punduaren ondorioz, euskararen datuak momentuko teori garapenerako interesgarriak izateagatik, haiei buruzko aipamenak hasi ziren agertzen kanpoko hizkuntzalarien artikuluetan, ordutik hona areagotu den plazaratze apal antzeko zerbait hasiz.